JAKINGARIAK: Perretxikuak arriskuan | Basherri Sareko webgunea Skip to content

JAKINGARIAK: Perretxikuak arriskuan

(0 iruzkin)

Kutsadura handitu egin da, perretxikoen habitata hondatzen ari gara, zenbait biltzaileren saskiek ez dute hondorik eta perretxikoak arriskuan daude.


Heldu da udazkena, eta udazkenarekin, euria eta hezetasuna. Pentsatzekoa da, beraz, basoak perretxikoz gainezka egongo direla, giro hori komeni baita saskiak betetzeko. Perretxikoak ere agortu egiten dira, ordea, eta zenbait adituk ohartarazi dute espezie batzuk desagertzen ari direla gizakiaren erruz. Perretxikozale fina izateko, ez da aski onak eta txarrak bereizten jakitea, edo lekurik emankorrenak aurkitzeko gai izatea; horrez gain, arduraz biltzen eta kontsumitzen ere jakin behar da, gure jarduna iraunkorra izan dadin, horrela soilik bermatuko baitugu gerora ere gozatu ahal izango dugula perretxikoak bilduz eta janez.

Gauza bat ugari datorrenean, perretxikoak bezala datorrela esaten da, baina orain etorri direnak perretxikoen etsaiak izan dira. Kutsadura gero eta handiagoa da, perretxikoen habitata gero eta gehiago ari gara hondatzen eta zenbait biltzailek ikusten duten guztia harrapatu nahi izaten dute; ondorioz, zenbait espezie arriskuan daude, eta nekez aurki daitezke lehen ohiko ziren lekuetan. Hori gertatzen zaie, adibidez, onddo-zuriari (Boletus edulis), zizahoriari (Cantharellus), kuletoari (Amanita caesarea) eta San Martin zizari (Clitocybe geotropa).

Zer neurri har daitezke?


Neurrigabe ez biltzea eta ez kontsumitzea da irtenbideetako bat, eta salerosketarekin ez itsutzea. Mikologia elkarteek ere lagundu dezakete, eta jokabide egoki eta iraunkorrak hedatu zaleen artean. Biltzaile-espekulatzaile izateari utzi, eta mikologia zale izaten erakuts dezakete.

Perretxikoak modu ekologikoan biltzeko aholkuak


Hasieran, behintzat, zertan ari den ongi dakienarekin joan behar dugu mendira, perretxikoak modu iraunkorrean biltzeko eta kontsumitzeko borondatea duen norbaitekin. Arazoa zenbaterainokoa den jabetuta jokatzen duen zale batek kopuru txikiak bilduko ditu, berak edo etxekoek jateko adina. Ongi ezagutzen diren espezieak soilik bildu behar dira, egoera onean daudenak eta behar bezala handituak; gainerakoak hantxe utziko ditugu, dauden lekuan, baita toxikoak ere.

Errepide ertzean dauden perretxikoak ez dira hartu behar, eta lorategi publikoetan, meategietan, galdarategietan, aireportuetan eta erraustegietan hazten direnak ere hantxe uztea komeni da, kutsatuta egon baitaitezke. Desagertzeko arriskuan daudenak ere ez genituzke bildu behar.

Perretxikoak ongi moztea ere garrantzitsua da oso, hobeto iraun dezan eta zer perretxiko mota den argi bereizi ahal izateko: osorik moztu behar da perretxiko guztia, oin guztia aterata; ahalik eta ongien garbitu eta zumezko saski batean jarri, ez plastikozko poltsetan.

Ez da aski perretxikoak errespetatzea, haren inguru naturala ere zaindu behar da. Hondakinak jaurtitzea, lurra aratzea edo perretxiko bat atera eta zuloa tapatu gabe uztea kaltegarri izan daitezke, eta hurrengo urteko perretxiko sasoian antzeman daiteke hori. Zenbait espeziek, gainera, zuhaitza behar izaten dute sortzeko (trufak edo boilurrak, Lactarius deliciosus izenekoak edo Boletus edulis delakoak), harekin elkarlanean bizi izaten dira (mikorriza deitzen zaio harreman horri), eta, beraz, espezie horiei kalte egiten bazaie, basoari ere egiten zaio.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2018
2017
2016
2015
2014
2013
2012
2011
2010

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom