ALBISTEA: Larrabetzuko sukaldean bertako produktuak | Basherri Sareko webgunea Skip to content

ALBISTEA: Larrabetzuko sukaldean bertako produktuak

(0 iruzkin)

jangelaLarrabetzuko eskolara jo dugu bazkalorduan: 2 urteko haurrak ilaran sartu dira jantokira, aurrekoari mantalatik helduta kantari. Horiek lasai bazkaldu ostean etorri dira arrapaladan 3-12 urtekoak. Usain gozoa dator sukaldetik; Larrabetzukoa da bertako sukaldean bertako produktuak prestatzen dituen eskola jantoki bakarretakoa.

2000-3-22ko dekretuak araututakoaren arabera, jantokietan cateringak bakarrik sar daitezke: cateringek prestatutako janaria zerbitzatzen da, edo cateringak ekarritako produktuak prestatzen dira sukaldean. Ez eskolek ez gurasoek ez dute produktu eta prestaketaren berri. Nondik datoz? Zer eredutan ekoiztuak dira? Nola manipulatzen dira? Non daude sukaldeak? EHNEk 2007an egindako ikerketaren arabera, Lea-Artibaiko jantokietan zerbitzatutako jakien %90 kanpokoak dira.

Larrabetzun, ordea, eskola jarri zenetik (duela 26 urte inguru) elikatu dira ikasleak bertako sukaldetik. 2008ra arte eskola dezentek eutsi zion sukaldeari. Duela bi urte, ordea, Eusko Jaurlaritzaren “proposamen” hau heldu zen: gestio zuzenera pasa, edo sukaldariak (administrazioko langileak) kenduko zizkieten.

Azaldu beharra dago izenen ironia: “gestio zuzena” zeharkakoari deitzen zaio, alegia, kanpotik datorren cateringa erabiltzeari, eta aldiz, “zeharkako gestioa” zuzenean sukaldean prestatzeari (dena baita nondik begiratzen den. Administrazioa da subjektua, eta ez eskola).

Larrabetzuko Herriko sei lagunekin jarri gara mahai-bueltan, bertako esperientzia jasotzeko: eskolako zuzendaria da Paloma Undagoitia; gurasoa eta Jantoki Batzordekoa da Alizia Etxarte; gurasoa, Jantoki Batzordekoa eta nekazaria da Alberto Eskobal; nekazariak dira Eve Amez eta Aritz Maiora; eta jantokiko arduraduna da Amaia Etxehandia.

2008an sukaldariak kenduko zizkietela esan zietenean zer atakatan egon ziren kontatu du Alizia Etxarte gurasoak: “Urte eta erdi aritu ginen mobilizazioetan, beste eskola batzuekin, eta azkenean guk erabaki genuen jarraituko genuela zeharkako gestioan [bertako sukaldearekin], eta 2008tik aurrera autogestioan gaude. Administrazioko sukaldarien plazak amortizatu egin dira eta sukaldariak beste leku batzuetara joandira. Guk sukaldari eta langileak zuzenean kontratatzen ditugu”.

Zuzeneko kontratazioak

186 haurrentzat hamaika langile kontratatzen ditu guraso elkarteak, zuzenean: Sukaldari bat egun osoz, sukaldari laguntzailea sei orduz, eta beste laguntzaile bat lau orduz; eta zortzi hezitzaile. Lantalde honi gehitzen zaio eskolako langilea den jantokiko arduraduna. Etxarteren hitzetan: “Asesoria baten bidez egiten ditugu kontratuak, nominak... Lehen enpresa baten bidez kontratatzen genuen, baina bitartekaritza lana asko kobratzen zuen, eta pentsatu genuen zuzenean kontratatzea, eta aurreztutako diru horrekin hornitu genuen sukaldea”. Langile guztien kontratuak dira aldizkako finkoak (ikasturterako kontratatzen dituzte), seguridade soziala eta gainerakoak dituzte...

Gurasoen kontzientzia da gakoa

Larrabetzuko gurasoek beti eman diote garrantzi handia umeek jaten dutenari, “baita jasangarritasunari eta elikadura subiranotasunari ere”, Etxartek nabarmendu duenez. Aritz Maiora nekazariak berretsi du: “Hemengo jantokiak beti erosi izan du herriko harategian, arrandegian eta denda txikietan. Eta baserritarren produktua ere bai, ahal zen neurrian”. Alberto Eskobalek argi du: “Zer da zure seme-alaben elikadura baino garrantzitsuagoa?”. Undagoitia zuzendariak jantokiari zerk eusten dion esan digu: “Hor guraso talde bat baldin badago gogor, aurrera ateratzen da. Baina indar handia jarrita, ekin eta ekin”. Izan ere, autogestioak bere prezioa du.

Autogestioaren prezioa

Cateringera ez pasatzea erabaki zutelako, administraziotik erabat kanpo dago Larrabetzuko eskola. Osasun kontrolak pasatzen dituzte, eta hortik aurrera ez dute zerikusirik administrazioarekin. Horrek esan nahi du, noski, ez dutela inolako laguntzarik jasotzen.

Catering bidezko jantokietan, gurasoek ordaintzen dute otorduaren zati bat eta Jaurlaritzak beste zatia. Jantoki hauetan, gurasoek otorduko 3,4 euro ordaintzen dute. Larrabetzuko jantokiko gurasoek, aldiz, 3,75 euro.

Kopuru eskandalagarria da benetan: kontratazio zuzeneko langileak (lan baldintza duinagoetan cateringekoak baino), bertako produktuak, bertako sukaldean prestatuak, Jaurlaritzaren laguntzarik jaso gabe... eta 0,35 euroko aldea bakarrik? Horrek esan nahi du, edo Eusko Jaurlaritzak otorduko 0,35 euro baino gutxiago jartzen dituela (zuzenean galdetu diogu beste hainbat galderekin batera, baina ez digute erantzun), edo catering sistema garestiagoa dela, nabarmen. Kalitateaz ez dugu hitz ere egingo.

Urtean zehar dirua ateratzeko hainbat ekimen egiten dituzte: bazkari berezia, jaia, elikadura ekologikoaren inguruko proiektu bat ere aurkeztua dute udalean... Jantokiari eustea eta proiektua hobetzea da helburua, langileen soldata igotzea, tartean.

Nekazariak jantokirako ekoizten

Aritz Maiora nekazariak kontatu du nola hasi diren baserritarrak antolatzen, jantokiaren beharrizanak urte osoan ase ahal izateko: “Adibidez, negu honetako arazoa izan da porrua bizkor amaitu zela. Eta orain uhazak falta dira”. Eve Amez nekazariaren hitzetan, “beste arazo bat da eskolak opor luzeak dituela, eta juxtu uda dela guk uzta gehien jasotzen dugun garaia”. Gai horiei denen artean irtenbidea bilatzea da helburua, Etxarte gurasoak azaldu duenez: “Sortu da herriko ekoizleekin batera lan egiteko modu bat. Begiratzeko zein produktu fresko erabiltzen diren jantokian eta zenbat, ea posible den bertakoek kopuru hori ekoiztea... Beti erabili dugu bertako produktua, baina orain antolakuntza hobetu dugu”.

Jantokian bertako zer produktu erabili aukeratzerakoan, prezioa da baldintza handietako bat, Maiora nekazariak azaldu duenez: “Badaude produktu batzuk, esaterako indaba, dezente erabiltzen dena jantokian, eta prezioan alde handia dago bertakoaren eta kanpokoaren artean: 3-4 euroan lortzen dute kanpokoa, eta baserritarrak 12an saltzen du. Pentsatzen ari gara zelan egin alde hori murrizteko, agian jantokiak garundu barik hartzea babarruna...”.

Nekazarientzat jantokirako ekoiztea garrantzitsua dela azaldu du Alberto Eskobalek: “Badakizulako irabazi finko bat emango dizula. Baldin badakizu urtero 400 kilo babarrun salduko dituzula, adibidez, horretara jartzen zara, ez duzu ez gehiago ez gutxiago egin behar”. Pausoz pauso hurrunago joan nahi dutela gaineratu du: “Produktu ekologikoak, menu finduagoak, oraindik erosten ez diren bertoko produktu batzuk erostea... Hori da filosofia”.

Jantokia eta eskola, dena da bat

Undagoitia zuzendariari barru-barrutik atera zaio: “Ez ditugu bereizten jantokiko momentuak eta gelakoak. Zentroarentzako, dena da bat. Beti daukagu jangelan gertatu denaren berri, bai diziplina arazoak, bai gaixotasunak... Horrela ulertu dugu beti. Autogestioarekin oraindik gehiago kontzientziatu gara, baina heziketaz beti izan da bat”.

Hau ez da txantxetako datua, jantokian geratzen diren umeek, denboraren %35,7 eta %43,7 artean ematen baitute jolasordu eta bazkalorduan. Aldi hauek pisu handia dute ikasleen sozializazioan, haurren arteko interakzio gehien orduan ematen baita, onerako zein txarrerako. Bizikidetza arazo gehien ematen den garaia da. Horregatik da garrantzitsua jantokia eskola proiektuaren zati gisa lantzea.

Bestalde, elikaduran hezteko ere baliatzen da jantokia, Undagoitiak azaldu duenez: “Eskolan gaia lantzen da, esaterako iaz umeak joan ziren Jose Antonioren soroa ikusten, eta dendatara goaz... Berton ere badugu negutegi bat. Bertan egindako tomate, azelga eta letxugak harro jaten dituzte”.

“Posible da hau beste eskoletara zabaltzea”

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2018
2017
2016
2015
2014
2013
2012
2011
2010

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom