UZTARO: barazki-kooperatiba ezagutu nahi? | Basherri Sareko webgunea Skip to content

UZTARO: barazki-kooperatiba ezagutu nahi?

(0 iruzkin)

BEGIRADA BAT EGUNGO NEKAZARITZARI...

XX. mendean, pixkanaka-pixkanaka, lurrari eta baserriari loturiko bizimodua okertuz joan da. Iraultza berdearen ondoren, nekazaritzaren industrializazioak eskulan-beharra gutxitzea ekarri zuen, eta, horren ordez, makinak eta bizitzaren beraren kontra doazen produktu txikitzaile askoren erabilera nagusitu ziren (ongarri kimikoak, herbizidak, intsektizidak…).

Horrek izugarrizko aldaketa ekarri du baserri-eremuetan: jende asko bizimodua aldatzeko beharrean gertatu da, eta baserrian gelditu direnek nekazaritzak hartu duen bide berriari heldu behar izan diote (ongarri kimikoak, makinak, esplotazio handiak...).

Horrela bada, multinazionalen esku dagoen mundu mailako elikagai-merkatu izugarri batean sartuta gaude. Merkatu honetan, haiek erabakitzen dute zer elikagai, non, eta nola ekoiztu behar den. Eta, etekin handiena lortzeko, ahalik eta eskulan gutxiena erabiltzen dute, eta ahalik eta produktu kimiko gehiena (produktu horiek ere multinazionalek saltzen dituzte, noski). Hori dela eta, janaria merkatu kapitalista honetan kontsumitzen den beste edozein produktu bezalakoa bihurtu da, eta, horren ondorioz, jaten duguna gero eta gutxiago ezagutzen dugu, eta ez dakigu zer nolako ingurunetan eta zer egoera sozialetan landuta dagoen.

Euskal Herriko eta Gipuzkoako egoera berdintsua da: baserrien gainbeherak, baserritik bizitzeko eta nekazaritzatik “soldata” duin bat lortzeko zailtasunak (esplotazio handi eta intentsiboa ez bada behintzat), hirien hazkuntzak, lurrekin dagoen espekulazioak eta baserria bigarren etxebizitza bihurtzeak ez diote aukera handirik uzten lurretik bizi nahi duenari baserri bat aurrera eramateko.

Egoera horren aurrean, administrazioen jarrera, nahiz eta ezkutuan eraman, baserriak eta herriak despopulaziorantz eramatea da, eta horrekin bizimodu desberdina, autogestioan oinarritu­takoa, egiteko bidea zapuztea (jatorrian horixe baitzen baserria, autogestioan oinarritutako eredua).

Hori dela eta, diru-laguntzak ekoizpen-esplotazio handiak eta turismo-etxeak bultzatzeko ematen dira, eta, hala, baserritarra landa-enpresari bihurtu nahi izaten da.

Horri guztiari gehitu behar zaizkio Eusko Jaurlaritza egiten ari den azpiegitura erraldoiak. Horiek ere gure lurra eta gure nekazaritza txikitzea dakarte.

ZERGATIK EKOIZPEN-KONTSUMOKO KOOPERATIBA (BASHERRI) BAT??

Horren guztiaren aurrean, ekoizleen eta kontsumitzaileen kooperatiba hau sortzeko beharra ikusi genuen. Bizitzen ari garen egoera zail honi aurre egiteko, autogestioa borroka tresna gisa ikusten dugu, gizartean aldaketa bat eragiteko tresna gisa. Ez dugu sinesten instituzioek “ematen” dizkiguten “laguntzetan”. Egungo merkatu-sistematik kanpo dagoen eta elkartasunean oinarritzen den sare sozial batean sinesten dugu.

Baserriko bizimodua hiri-eremuko bizimodura gerturatu nahi dugu, eta alderantziz. Multinazio­nalen esku dagoen mundu mailako elikagai-merkatuaren aurrean ALTERNATIBAK sortu nahi ditugu eta nekazaritza sozial eta ekologiko baten aldeko apustua egiten dugu, ingurugiroa eta arazo sozialak jorratuko dituena. Horrela, merkatu kapitalistan ezinezkoa dena lortu nahi dugu: baserriei eta baserritarrei alternatiba bat eskaintzea, gure elikaduraren kalitatea hobetuz.

Sistema horri esker, kontsumitzaileon esku dago kalitatezko produktuak kontsumitzea: tokian tokikoa, garaian garaikoa, ekologikoa, baldintza egokietan landua... azken finean, “gure” baratzako produktuak kontsumitzen ditugu: auzolanen batean guk geuk landatu genituen porruak, eguzki goxotan belarrak kendu genizkien letxugak...

Gaur egun gero eta errazagoa da elikagai ekologikoak aurkitzea, eta garestiak diren arren, modan dago horiek erostea. Baina zenbateraino dira “ekologikoak” hemendik 2.000 kilometrora ekoiztu diren eta plastiko koloretsu batean bilduta datozen jogurtak, EKO etiketa izan arren? Elikagai bat ekologikoa izatea hitzaren zentzu zabalenean ulertu behar da. Produktu horiek kontsumitzea guztion eskubide bat da eta ezin dute luxuzko produktu izan!!

NON GAUDE?

Gure baratzak Beizamako Leunda-Berri eta Amenabar baserrien ondoan daude. Kontsumitzaile-taldeak, oraingoz, herri hauetan gaude: Andoain, Villabona, Lasarte, Azkoitia, Zestoa eta Zarautz.

baratza panoramika

NOLA FUNTZIONATZEN DUGU?

Gure kooperatibak bi zati ditu: ekoizpen-taldea eta kontsumitzaile-taldea.

Ekoizpen-taldea bi pertsonak osatzen dute gaur egun. Horiek baratzako lanaz, poltsen bana­ketaz, urteko plangintzaz eta beste gauza askotaz arduratzen dira.

Beste alde batetik, kontsumo-taldeak daude. Momentu honetan 45 kontsumo-unitate gaude. Kontsumitzaile garen aldetik, gure konpromisoa da kuotak ordaintzea, asteroko barazki-otarra jaso eta horien ardura hartzea, batzarretan zein bilketetan parte hartzea eta lantaldeari laguntzea auzolanetan, elkarrekin ondo pasatuz. Proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoa da kontsumitzaileok ekoizpen-taldearekin batera lan egitea.

Bi oinarri nagusi ditu Uztaroren funtzionamenduak: batzarrak eta auzolanak.

Herri bakoitzean eztabaidatu ondoren, taldekide guztion arteko batzarretan hartzen ditugu erabaki guztiak: zer eta zenbat landatuko dugun, lehentasunak, diru-kontuak... Guztion iritzia da garrantzitsua eta beharrezkoa. Beste elkargune garrantzitsu bat auzolanak dira. Lan-karga handiak daudenean, lan puska bat aurreratzen dugu horien bidez: patata sartu behar dela, belar txarrak atera behar direla... Besteak beste, auzolana ekintza garrantzitsutzat hartzen dugu, arrazoi hauengatik:


  • Urteetan baserrien arteko elkartasun-adierazpena izan den auzolana sustatzen da.

  • Ekoizpen-taldearekin harremana sendotzen da.

  • Kontsumitzaileok elkar ezagutzen dugu.

  • Gure baratzarekin eta gure barazkiekin kontaktu zuzena izaten dugu.

  • Elkarrekin bazkaldu eta ONDO PASATZEN dugu!!


Auzolana1

Astero banatzen dira poltsak, kontsumo-unitate bakoitzeko bat. Garaian garaiko produktuak banatzen dira, eta gorabeherak izaten dira kantitatean (urtaroaren, eguraldiaren, lantaldearen egoeraren eta abarren arabera), baino astero 3-4 lagunentzako adina barazki jasotzen da, oro har. Kontsumo-unitate bakoitzak hilean 60 € ordaintzen ditu, ekoizpen-gastuak ordaintzeko: lantaldearen asignazioak, baratzaren gastuak (hazia, landarea, lan-tresnak...), banaketaren gastuak (ibil­gailua, erregaia...) eta abar.

Otarra

Baratzaren planifikazioa eta ebaluaketa aurrez eta denon artean egiten dugunez, denon artean erabakitzen dugu urtaro bakoitzean zer barazki jasoko ditugun; ez dago kontsumitzaile bakoitzaren esku astero zer jaso nahi duen erabakitzea, dendan egin ohi dugun bezala.

Sistema honen beste abantaila bat da ez dela barazkirik soberan gelditzen, dagoen guztia banatzen delako; prezioen aldetik ere ez da aldaketak izaten, eta hala, alde guztien artean oreka bat lortzen da.

Proiektu hau kooperatiba osatzen duten pertsonetan oinarritzen da: baserritarrak eta kontsumi­tzaileak. Beraz, konfiantza eta konpromisoa funtsezkoak dira. Horregatik, bai baserritarren eta bai kontsu­mitzaileen aldetik, gutxienez, urtebeteko konpromisoa eskatzen da.

Proiektu hau aurrera ateratzeko, antolaketa horizontal batean oinarritzen gara; erabaki guztiak batzarretan eta bileretan hartzen dira. Denon artean erabakitzen dugu eta guztion iritziek balio bera dute.

Kontsumoaren gizartean bizi gara, eta kontsumo basatian murgilduta gaude guztiok. Thailandiako arrozaren prezioa Estatu Batuetako multinazionalen bulegoetan erabakitzen da, eta, bitartean, thailandiarrek ez dute dirurik beraien arroza erosteko! Horrexegatik, hain zuzen, kontsumoa bera gizar­tean aldaketak eragiteko tresna bat dela uste dugu. Munduko elikagai guztiek ezin dute gutxi batzuen esku egon, haiek besteen lanaz eta lurraz baliatuz aberasteko. AUTOGESTIOAN oinarritutako proiektuen bidez, pauso garrantzitsuak eman ditzakegu kontsumo-eredu zentzugabe hau aldatzeko.

Gure proiektua gertutik ezagutu nahi baduzu, etor zaitez Beizamara. Gurekin kontaktatzeko, kooperatibako telefonora dei dezakezu (660297075), edo, bestela, helbide honetara idatzi: uztaro_kooperatiba[a bildua]yahoo.es

Baratza eta baserria

UZTARO kooperatiba

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2018
2017
2016
2015
2014
2013
2012
2011
2010

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom