Basherri Sarea hausnarketa bidea | Basherri Sareko webgunea Skip to content

Basherri Sarea hausnarketa bidea

Basherri Sareko hausnarketa_2015/Negua/Fanzinea

(jaitsi .pdf)

BASHERRI SAREA HAUSNARKETA BIDEAN

Azken hilabeteetan hausnarketarako guneak aurkitzen ahalegindu gara Basherri Sarearen etorkizuneko bidea zehaztu nahian. Lehenik Beizaman eta ondoren Legazpin ospatutako barne jardunaldietan Sarearen funtzionamenduaren inguruko gogoeta egiteaz arduratu ginen, zer baloratzen dugun eta gure dinamikan zer aldatu beharko genukeen ikusteko.

Beizaman ospatutako Barne Jardunaldiak

Azaroan elkartu ginen sarekideen artean Manelen presentzia izan genuen, Balentziako herrialdeen elikadura burujabetzaren aldeko plataformako kidea, bere hitzetan plataformaren helburua elikadura subiranotasunaren bidean urratsak emateko mugimendu soziala indartzea da, eta horretarako herrialdean dauden esperientzia desberdinak artikulatzen ahalegintzen dira guztien artean estrategia bat bideratzeko. Modu honetan ezinbesteko garrantzia ematen die urtero antolatzen dituzten topaketei, bertan formaziorako eta eztabaidarako guneak irekitzen baitituzte parte hartzaileen artean sinergiak ahalbidetzeko.

Balentziatik Basherrira salto eginez Sarea gizartean eragin sakonagoa izateko ezinbestekoa dela ondorioztatu genuen, eta geure artean babesteko eta laguntzeko aukera emango digun tresna. Hala eta guztiz ere, orain arte Sareak egin duen ibilbidean hainbat arazo edo ahultasun ere identifikatu dira, lanean praktikotasun falta nabari da eta horrek Sarearen eta kontsumo taldeen arteko distantziak neurrigabe hazten ditu, bai herritarren eta bai ekoizleen parte hartzea murriztuz.

Kontsumo talde eta kooperatiben egoeraren argazki bat

Hausnarketa hauetatik abiatuz eta Sarearen norabidea zehazteko, taldeetan aurkitzen diren behar errealak ezagutzen ahalegindu gara, bai ekoizleek aurrera egiteko dituzten zailtasunei edo herritarrek taldean aurkitzen dituzten gabeziei erantzuteko. Galdeketen bitartez buruturiko diagnosiak erakutsi digu saskien edukia baino haratago badaudela beste arrazoi batzuk taldeen funtzionamendua oztopatzen dutenak, horien artean taldeen dinamika egonkortzeko antolaketa falta, edo orokorrean ekoizleek bizi duten prekarietatea, beraien lana behar bezala baloratu gabea delako.

Legazpiko II. Barne Jardunaldiak

Legazpin izandako barne jardunaldietan kontsumo talde eta kooperatiben egoeraren diagnosian korapilo zehatzak azaleratzen ahalegindu ginen bertan bildutakoen artean. Burututako dinamikaren bitartez zailtasunen gakoak Sarea gizarteratzeko modua edo kontsumo talde desberdinen arteko koordinazio edo harreman falta izan litezkeela ondorioztatu genuen. Gaur egungo Sarearen errealitatean hainbat faktorek eragiten dutela argi erakutsi zigun marraztu genuen mapak, baina hala ere Sarea osatzen duten pieza desberdinak lotzen joateko beharra azpimarratu genuen, puzzle erraldoiari forma ematen joan ahal izateko.

Modu honetan Sarearen lan dinamika eta antolaketan aldaketak egotea ezinbestekoa ikusten da. Hurrengo urteari begira Basherriren norabidea gure ideologia eta lanketa kaleratzeko ekimenak sustatzean joan behar duela erabaki genuen, bai gure kontsumo ereduaren inguruan jendea sentsibilizatzeko eta baita geure artean elkartzeko eta partekatzeko beste bide batzuk aurkitzeko ere. Bestetik, Sarea josteko bideak aurkitu behar ditugula adostu genuen, ekoizleen arteko harremanez gain taldeetako herritarren parte hartzea indartuz, honetarako eskualdeka antolatzeko ahalegina beharrezkoa dela erabaki genuen.

Barne jardunaldi hauek utzi digutena Sareak barne antolaketarako egin behar duen bidearen aztarna da, prozesu guztiak bezala lanketarako eta gogoetarako ireki beharko ditugun beste abagune batzuen hasiera. Beraz kontsumo taldekide orori irekitzen diogu aukera hausnarketa, egituraketa eta egokitze prozesu honetan parte hartzeko, guztion indarrak beharko baititugu Basherri Sareari behar duen izaera emateko.

Osasuna eta Agroekologia!

Etiketak:  agroekologia , hausnarketa , topaketa , basherrisarea , legazpi , beizama , kontsumotaldea , jardunaldiak