Aza eta arroz biribilkiak erremolatxa eta azalore kremarekin | Basherri Sareko webgunea Skip to content

Aza eta arroz biribilkiak erremolatxa eta azalore kremarekin

Aza eta arroz biribilkiak erremolatxa eta azalore kremarekin

(Oñatiko Agustin Otxoa sukaldariak egindakoa)

Osagaiak (4 pertsonantzat)

Azalore bat

Erremolatxa bat

200 gr kalabaza

Aza hostoak

400 gr arroz integral egosia

Humus-a eta sesamo haziak

Tempura egiteko irina eta ura

Oliba olio birgina, gatza eta pipe rhautsa

Eskarola hosto batzuk

Errezeta:

Krema egiten hasiko gara. Horretarako ontzi batean ura berotzen jarriko dugu. Ura irakiten hastean gatz pixka bat botako diogu eta ondoren azalorea, kalabaza eta erremolatxa zuritua eta laukitan moztuta. 30 minutuz egosten utziko dugu eta behin denbora hori igarota turmix-etik pasatuko dugu. Ur gehiegi badauka (barazkiak urez estalita justu-justu egon beharko dira) kendu egingo diogu oso arin gera ez dadin. Piper hautsa, gatza (behar balu) eta oliba olio zorrotada bat gehituko diogu. Berriz eragin turmix-ari eta bero mantendu.

Aza eta arroz biribilkiak egiteko azaren hostoak galdarraztatuko ditugu. Horretarako ontzi zabal batean ura irakiten jarriko dugu. Aza hostoak uretan sartuko ditugu eta 2 minutuz utziko ditugu barruan bigundu daitezen. Uretatik atera eta beste ontzi batera pasatuko ditugu. Ontzi honetan ur hotza egongo da, horrela egosketa geldituko dugu. Arroza 2 koilarakada sesamo haziz eta beste 2 koilarakada humus-ekin nahastuko dugu. Nahasketa hau aza hostoen erdian jarriko dugu eta biribilkiak osatzen joango gara (barrukoa ez ateratzeko lehenengo ertzak barrura sartu eta gero biribildu).

Tenpura orea egiteko tenpura irina ur hotzarekin nahastuko dugu krema fin bat geratu arte. Biribilkiak krema horretan sartuko ditugu eta zartagin batean frijitu oliba olio berotan. Paper xurgatzailera aterako ditugu eta platerean jartzeko prest egongo dira.

Azpian azalore eta erremolatxa krema jarriko dugu eta gainean 2 biribilki gurutzatuak. Eskarola txiki-txiki moztuko dugu eta gainetik apainduko dugu

Etiketak:  aza , arroza , erremolatxa , azalore , negukoerrezetak , negua , agustinotxoa