IKASTAROA: Hiriko baratza ekologikoa (Usurbiltzen) | Basherri Sareko webgunea Skip to content

IKASTAROA: Hiriko baratza ekologikoa (Usurbiltzen)

(0 iruzkin)

Maiatzaren 29an Usurbiltzen taldearen lehenengo ikastaroa egin genuen, Hiriko baratza ekologikoei buruzko ikastaroa hain zuzen. Gasteizko Pedro Ferrero etorri zitzaigun ikastaroa ematera. Pedro Ferrero musikaria eta nekazaria da, bai eta Bionekazaritza, Red de Semillas de Euskadi eta Amigos del Jardin Botánico de Santa Catalina elkarteetako kide ere. Halaber, Gasteizen bertan zenbait baratzen arduradun gisa jarduten da.


Hiriko baratzak zer diren ez dakizuenentzat labur-labur azalduko dizuet: hiriko baratzak esaten zaie jendeak balkoietan eta terrazetan jartzen dituen baratzatxoei. Gero eta jende gehiagok du baratza izateko interesa, norberak landatutako barazkiak jan ahal izateko, eta jende askok lurrik ez duenez, baratza balkoian jartzeko alternatibari heldu diote. Horretarako, ohiko tiestoak edo labore-mahaiak erabiltzen dira, bai eta berrerabil ditzakegun beste gauza batzuk ere, hala nola fruten kaxak.


Pedrok hiriko baratzak jartzeko oinarriak erakutsi zizkigun: zer-nolako substratua eta ongarria erabil daitekeen, zer teknikak erabil ditzakegun, zer landare eta barazki diren egokiak balkoian landatzeko, landatzeko ontziak, ureztatze-sistemak, izurrien eta gaixotasunen prebentzioa, hiriko konpostatzea...


Pedrok labore-mahai bat ekarri zuen, goiko argazkian ikus daitekeena. Labore-mahaiak (mesas de cultivo gaztelaniaz) barazkiak landatzeko mahai bereziak dira. Goiko argazkian, labore-mahaia muntatu gabe dago.


Hemen, berriz, labore-mahaia muntatuta dago. Mahaia denon artean muntatu genuen. Izan ere, Pedrok oso metodologia parte-hartzailea erabili zuen tailer osoan eta azkenean denok parte hartu genuen zer edo zer egiten.


Labore-mahaiak balkoian baratza jartzeko ontzi mota bat dira. Hala ere, Pedrok behin eta berriz azpimarratu zigun ez dela derrigorrezkoa hasieratik horrelako mahai bat erostea, balkoian baratza jartzeko. Berrerabiltzeari garrantzi handia ematen zion. Lehenbizi hobe da etxean ditugun zenbait traste edo zaborretan aurki ditzakegun ontzi posibleak aprobetxatzea, baratzan lan egitea benetan gustatzen zaigun jakiteko. Behin martxa hartu ondoren, gauza handiago bat eskura daiteke, baina hasteko, beti hobe da zerbait txikiarekin hastea.


Goian ikusten duzuen hori armairu zahar baten tiradera da.


Ba al daki zuetakoren batek zer den goiko hori? Gezurra badirudi ere, Gasteizen izandako txingor-zaparrada batek botatako farola baten estalkia da. Pedrok baratza jartzeko erabiltzen zuen. Argazkian ureztatze-sistema bat ere ageri da.

Oro har, ikastaroak oso harrera ona izan zuen, 25 lagun inguruk eman zuten izena eta 10 itxaro-zerrendan geratu ziren. Adin guztietako jendea izan ginen, eta denak ere oso pozik geratu ziren, ikastaroa bera oso interesgarria izan baitzen eta denon artean asko ikasi baikenuen. Gure arteko giroa ere oso ona izan zen, eta horrek ere asko laguntzen du. Elkartekook behintzat ikastaroaren ebaluazio positiboa egin genuen, benetan ez baikenuen espero horrenbeste jende bilduko genuenik. Gainera, guretzat oso pozgarria izan zen, jendeak gai hauetan gero eta interes handiagoa duela ohartu ginelako. Esan beharra dago eguraldia ere aldeko izan genuela, egun zoragarria egin baitzigun eta ikastaroa kanpoan egin ahal izan baikenuen, Arrillaga Txiki baserriaren paraje eder horietan.


Argazki horretan ikastaroko parte-hartzaile batzuk ageri dira. Txapela daraman emakume txikia Pilartxo da, Arrillaga Txikiko jabea. Eskerrak eman behar dizkiogu, hark utzi baitzigun ikastaroa egiteko tokia, inolako trabarik jarri gabe. Eskerrik asko Pilartxo!!!!!! Norbaitek ikastaroko argazki gehiago ikusi nahi balitu, sakatu hemen. Ikastaroaren harrera ona ikusita, ikastaroa berriz egiteko erabakia hartu dugu, eta irailaren 18rako dago antolatuta. Hona hemen kartela:

hiriko baratza kartela

Ikastaroa Usurbilgo Arrillaga Txiki baserrian izango da berriz ere, 10:30etatik 12:30etara, eta 12 euro balioko ditu. Norbaitek izena eman nahi balu e-mail bat bidal dezake usurbiltzen@gmail.com helbidera edo kartelean ageri den telefono zenbakira dei dezake. Zuen inguruan interesa izan dezakeen norbaiten berri baduzue, esan Usurbilen ikastaro hau egingo dugula, eta esan beharrik ez dago, zuetako batek etortzeko interesa balu, denok gonbidatuta zaudete!  Zabaldu berria eta aupa Basherritarrak!!!!!

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2018
2017
2016
2015
2014
2013
2012
2011
2010

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom