Agustin Beroiz, biodibertsitatean oinarritzen den baratzazaina
AGUSTIN BEROIZ_2015/Negua/Fanzinea
AGUSTIN BEROIZ
Elena Etxeberria eta Agustín Beroiz Astigarragako Taula baserriko ekoizleak dira, besteak beste Donostiako San Martin azokan saltzen dituzte beraien barazkiak, eta egun kontsumo talde bat sortzekotan dabiltza Astigarragan bertan.
Agustín Beroiz bizitzeko eta egiteko modu tradizionalak oinordetzan jaso dituen baratzezaina da, landareen bitartez bere bizitza zuzentzen duen legea ikasi duena, errespetuaren legea. Modu honetan hainbat gazteri lurra ulertzeko eta bizitzaren zirkulua errepikatzeko bideak erakutsi dizkie.
Orain dela pare bat urte gerturatu zen Astigarragara, bere etxea Iruñean utzita, hala ere makina handiak izan ziren Agustín Aranzadin zituen baratzeetatik aldendu zutenak bertan udaletxeak urbanizazio proiektu bat martxan jarri zuelako.
Astigarragako baserrian bertan elkartu gara Elena eta Agustinekin, behin ilundu duenean, beraiekin tertulian aritzeko.
Nola ikasi zenuen lurra lantzen? Lehenik behatu, ondoren praktikan jarri eta frogak eginez ikasten da, eta nik aurrekoengandik ere ikasi nuen asko. Haurtzaro eta gaztaroan nekazari oso onak ezagutu nituen, kimikorik botatzen ez zutenak, ustiapen txikiak zituztenak. Ez ziren multinazionalen menpe jarri, hauek lur hoberenak hartzen dituzte eta makinaria montatu....hori da gertatzen ari dena...ni Espainia mailan aitzindaria naiz, Kataluniarrak ere hasi ziren honetan baina baratza txikietan soilik.
Goiz xamar ohartu nintzen lurrarekin zer ari ginen egiten, ez genuen zaintzen, ez genuen babesten...natura deusezten ari ginen, erabilera txarragatik hiltzen ari ginen. Dakidan gehiena naturak erakutsi dit gutxi irakurritakoa naiz.
Natura arretaz begiratzen badugu, bertan errespetu osoa topatuko dugu bertan eta baita ikasi beharreko guztia ere, ez liburu batean...letrarik ez duen liburua da. Denek ez dute aukera hori, ez dute gustukoa, ez dute bizitzen guk gustukoa dugun moduan, neri lurra ikaragarri gustatzen zait. Eta horrek ez du esan nahi erreza denik, neri kostatzen zait, baina gustuko ez duen pertsona bati baino gutxiago ...lurrak indarrak ematen dizkit, elikatu egiten nau...
Zein modutan egiten duzu lan baratzean?
Lan asko egin behar da, ordu asko sartu behar dira, azak lantzen ari zarenean aza bihurtzen naiz, piper hauekin lan egiten dudanean...aldrebeskeria badirudi ere, egia da.. Lantzen ari zaren landarea bezla sentitu behar duzu eta hori transmititu, energia, biodinamika...hori da nekazaritza biodinamikoa. Landareak zer behar duen sentitu, hori bizi beharra dago.
Lurra da planeta honetako eskuzabal eta esker-onekoena, lau elementuak, lurra, ura, argia eta haizea. Lurra ezinbestekoa da, gu joango gara eta ez da ezer gertatu! Guztiok joango bagina paradisua izango litzateke eta gauza bakoitza bere lekura bueltatuko litzateke.
Badira 45 urte gauzak beste modu batera egiten asi nintzela, 70. hamarkadan ekin nion eta pixkanaka-pixkanaka lan egiteko modua garatzen joan naiz. Astigarragara Iruñean nituen 7 trailer konpost ekarri nituen eta dagoeneko 2 urtez konpost horretatik bota diot lurrari.
Nola lortzen duzu jendearengana heltzen? Orain dela 45 urte egin nituen bezeroak Iruñean… jendeak baratzea bisitatzen zuen eta nire lana baloratu zuen, beste modu batera, ezin izango nuen hau dena egin...taldea egin behar da, ekoizle eta kontsumitzailearen artean. Iruñean lortu genuen, jendeak, baratza eta Agustin ezagutzeko interesa zuen… baratzean sartu eta nik bertan erakutsi eta azaltzen nizkien gauzak… flipatuta geratzen ziren. Sari hoberena egindako lana baloratzea da, ez da diru kontua, balorazio kontua baizik. Bezeroek bazekiten nik letxugari prezio bat jartzen nionean ez zela dirua egiteko, honetan jarraitu ahal izateko baizik.
Nik ez dut esaten denok letxugak landatu behar ditugunik, baina bai landarearen prozesu osoa ezagutu beharko genukeela, lurran jartzen dugunetik biltzen dugun arte.Nola ematen zaio bizitza lurrari, jana emanez, nola elikatzen da gizakia, jana emanez… eguneroko menuak ez du garrantzirik, kalitatezko elikagaiak izatea baizik. Nik nire gorputzarekin egiten dudan gauza bera egiten dut lurrarekin, biodibertsitatea sortu… denetik jan ondo elikatzeko.
Jende gehienak artifizialki eta ongarri kimikoekin egindako letxugak erosten ditu eta nik baserriko letxugak eramaten ditut azokara, egia esanda, gaizki sentitzen naiz, gogoak kentzen zaizkit… barazkiz beteta merkatura joan eta produktu gehienekin etxera bueltan etorri behar izatea. Jendeak ez du konzientziarik, baina irudi batek mila hitz baino gehiago balio du, hitzak haizeak eramaten ditu… edozerrekin konformatzen ez denak azkeneko zokoraino joango da. Iruñean barazkiak jateko kultura gehiago dago.
Eragozpenak ezagututa ere zergatik erabaki zenuen zure ekoizteko moduarekin jarraitzea? Guztia gainera etorriko zitzaigula pentsatzen nuen, lurrari bizia kentzen ari ginen eta ari gara, ez ginen lurra zaintzen ari, lurrari eman baino gehiago, kentzen ari gara.
Nik guzti horren kontra joan nintzen, adineko jendeak nire lana baloratzen zuen eta esaten zidan "Agustin, hau iraultza da". Nik ez dakit hau iraultza izango den edo ez, baina nire kontzientziak hau egin behar dudala esaten dit. Beti nago seguru neure buruaz… gainera lur zati bat edukita etzait ezer faltako, gutxirekin ondo bizi daitekela ikasi behar da. Hainbeste gauza ez da beharrezkoa, lurretik ateratzen duguna kalitatezkoa bada...
Guztiak hartu duen abiadura ikusita, jendea bapatean gelditzera behartu beharko litzateke, muturrekoa jaso dezaten! Burua eta bihotza elkarrekin joan behar dute, orekatuta eta modu honetan ez gara lasterka ibiliko.
Etiketak: agroekologia , biodibertsitatea , biodinamiko , Iruña , Aranzadi , Talua , baratzazaina , kontzientzia , kontsumotaldea , baratza , agustin-beroiz , astigarraga