Gorka Sasieta, Basherri Sareko kidea
Gorka Sasieta elkarrizketa_2015/Negua/Fanzinea
GORKA SASIESA, Basherri Sareko kidea
Noiz hasi zinen baserritik bizitzen? Hasieratik modu ekologikoan?
2011an hasi nintzen baserrian erabateko dedikazioarekin, “Altxaporru” Urretxu-Zumarragako kontsumo taldea azaroan jarri genuen martxan. Baratza eta frutak aurretik ere modu ekologikoan lantzen genituen, baina 2012ko ekainean erregistratu ginen ekologikoan. Haragitarako sei behi ere baditugu, eta hauek ere ekologikora pasa genituen data horretan. Hauen maneiuan ere ez genuen aldaketa handiegirik egin beharrik izan, baina orduan hasi ginen pentsu ekologikoa erabiltzen.
Zerk bultzatu zintuen horretara?
Baserriko lanetan jardutea beti gustatu izan zait, eta albaitaritzako ikasketak bukatu nituenean baserrian txerriak libre hazteko ustiategi baten proiektua egin nuen, baina laster konturatu nintzen gure ingurunerako eta batez ere ditugun maldengatik ez zela egokia. Garai horretan kontsumo taldeen mugimendua ezagutu nuen, eta hortik tiraka elikadura subiranotasuna eta agroekologia, transgenikoen erabilerak munduko hainbat eremutan duen eragina… Garbi ikusi nuen eredu jasangarri batean aritzeko, baserrian lehendik genuenarekin jardun behar genuela, produkzioa finkatu eta pixka bat handitzearekin nahikoa zela. Baratzak hazi genituen, belardiak ere bai (hiru behitik seira pasa ginen), eta sagasti eta frutak genituenak mantendu.
Hazi propioak egiteko prozesuan ere trebatua zaude ezta?
Etxean hazi batzuk betidanik jaso ditugu (tomatea, hiru babarrun mota, ilarrak, kalabazak,…), ikastaro txiki bat ere egin genuen hazitik landarea ateratzeko, baina haziak jasotzeko, etxeko esperientziatik aparte ez dut formakuntza berezirik jaso. Hauetaz gain porrua, borraja, baba (txikia eta handia), rabanitoa, rukula, baina motza eta luzea, dakon arbia eta kalabazin haziak ere jasotzen ditugu. (...)
Negu partean “cama caliente” delakoa sortzen dugu (ximaurrak fermentatzerakoan sortzen duen beroa aprobetxatzean datza) eta eraginkorra da benetan. Ondo dator batez ere negu bukaeran, udaberrirako landarea ateratzeko.
Zer suertatu zaizu zailen landarearen ziklo osoa etxean egiterakoan?
Agian haziak ondo lehortzea da zailena gure inguru hauetan, baina gainontzean, bandejetan ereiteko, lehen erositako lurra baratzakoari nahastuta erabiltzen genuen, eta orain etxeko konposta erabiltzen dugu eta emaitza onak lortu ditugu.
Zein landare da zailen hemen Gipuzkoan hazitik sortzeko?
Landare guztiak ez ditugu etxean ateratzen eta aldiko barazki berri batekin frogak egiten ari bagara ere, ezin dut esan ziurtasunez. Baina kalabazinak ez zaizkigu hain ondo etortzen, nahasketak ematen direlako, beste hainbeste azakiekin… asko espezializatu behar dela uste dut landare guztiekin emaitza onak izateko, eta gure egitekoa oso dibertsifikatua denez, …
Zer da beharrezkoa norberak haziak egiteko, hau da, zer aholkatuko zenioke hasiberria den norbaiti?
Errazenetatik hastea frogatzen joateko (esate baterako, tomatea eta porrua) eta hazitarako izango direnak zein errenkada izango den hasieratik aurreikusia izateko, gerora trabarik egin ez dezan, eta horrela aldiko. Pentsatu landare horiek zikloa osatzeko askoz denbora gehiagoz egon behar dutela lur horretan.
Haziak partekatzeko ohitura daukazu?
Bai, egin izan dugu, eta beharrezkoa dela uste dut: dakon arbia horrela lortu dugu, beste batzuk gure baba txikia, baina haziak eta kalabazarenak, indaba,… batez ere, Goierrikoen artean partekatu izan ditugu.
Kontsumo taldea daukazu ezta? Jabetzen ahal dira hazi propioak egitearen garrantziaz?
Bai, Urretxu-Zumarragan daukagu “Altxaporru” kontsumo taldea, 28 kontsumitzailerekin. Saiatzen gara hazien garrantzia hori adierazten eta ia bisita guztietan erein izan ditugu, umetxoek ere parte hartuz.