Barne formakuntza, lantaldea martxan
Barne formakuntza, lantaldea martxan_2014/Udazkena/Fanzine
Basherri Formakuntza Lantaldea martxan
Badira bi urte Azkoitian kontsumo taldea sortu zenetik eta hiru urte ere pasa dira Aretxabaletan asteartero Marijek ekoiztutako barazki saskia jasotzen ari direnetik. Jakinekoa da taldeetan denboraren joan etorriarekin hasiera bateko indarra eta bizitasuna makaltzen joaten direla, egia da asteroko saskia jaso eta honen inguruan egin beharreko zeregin zehatzek taldeen martxa mantentzen laguntzen dutela, baina aldi berean egunerokotasunak ibilbidean ezartzen duen marruskadurak taldeen egonkortasuna ahultzen du. Hasiera batean adostutako norabidea galtzen ez bada ere, hau da taldekideen artean ekoizleari modu duin batean bizitzeko aukera bat eskaintzea edo merkatutik harago beste kontsumo bide berri bat eratzen jarraitzen badugu ere, asteroko saskia jasotzeak hasiera bateko meta hauek lausotzen ditu.
Basherri Taldeak indarberritzen
Basherri Sarea osatzen duten 50 talde inguruk modu autonomoan funtzionatzen dute, nahiz eta guztiak agroekologiaren itzalpean jaioak izan diren eta beraz saskien salerosketa batetik harago kontsumoa politizatu eta nekazal errealitatean oinarritutako eredu sozioekonomiko berri bat sortu nahian diharduten, talde bakoitza bere modura moldatu eta egokitu da inguruko ezaugarri bereizgarrien arabera.
Hau horrela taldeetan agertzen diren oztopo eta nabardurei aurre egiteko, edo taldearen egitura eta funtzionamendua indarberritzeko nahitaezkoa ikusten dugu taldeko partaideen artean adostutako prozesu bat martxan jartzea, betiere talde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuko dituena. Taldeak indartuko dituen formula magikorik ez dagoela iruditzen zaigu, beraz uste dugu ezinbestekoa dela taldeak egonkortzeko tresnak taldeko partaideen artean sortzea, betiere pentsa baino potentzial handiagoa baitago taldekideetan, edo hobeto esanda taldekideen arteko hartu-emanean.
Bideratze tailerrak
Horregatik hasi ginen orain dela hiru bat hilabete Basherri Sareko “barne formakuntza” lantaldetik bi talderekin lanean beren mugak kolektiboki ezagutu eta taldean adostutako helburuetara heltzeko ekintza zehatzak identifikatzen. Lehenengo saio batean bai herritarrek eta bai ekoizleak taldetik jasotzen dituzten aspektu positibo eta negatiboen inguruan hausnartu genuen, bi parteak bananduta, bakoitza bere aldetik. Horretarako hiru gai ildo zabaldu ziren, batetik talde dinamikaren egoera, hau da talde funtzionamenduaren eraginkortasuna, bestetik jasotzen diren saskien egoera eta ekoizpenaren bideragarritasuna, eta azkenik ekoizle eta herritarren arteko harremana.
Bigarren saioak identifikatutako oztopoen inguruan taldekideen pertzepzio desberdinak sozializatzeko aukera eman zuen, eta honen harira arazo hauei irtenbidea aurkitzeko ekintza desberdinak planteatu ziren. Eta hirugarren saio batean ekintza hauek gauzatzeko plan bat landu zen, bertan martxan jarri nahi diren ekimenak burutzeko arduradunak aurkitu eta denbora epeak zehaztuz.
Tailerren emaitzak
Eginiko tailerrek argi eta garbi erakutsi digute taldeetan landu beharreko aspektu garrantzitsuenetakoak ekoizle eta herritarren arteko harremanean zaindu behar den gardentasuna, ekoizlea bere lanarekin arduratu dadin taldeak bere gain hartu behar dituen erantzukizunak definitzea edo herritarrak ekoizlearengana gerturatu eta baratzaren kudeaketan parte hartzea direla. Gai hauek lantzeko beharrezkoa ikusten da kontsumo taldeetan burutzen diren bilerak eraginkorrak izatea eta baita jarraipen bat edukitzea ere, bestetik auzolanen eta baratzera gerturatzeko bisiten garrantzia azpimarratu zen behin eta berriro.
Hala ere tailer hauek hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera emango dute, bileren eraginkortasuna bermatzeko edo auzolanak denboran zehar mantentzeko, ekintza zehatzak definitu eta ekintza bakoitzerako arduradunak izendatu baitira.
Honez gain kontsumo taldeetako ekoizleen arteko harremanaren garrantziaz edo herritarrak Basherri Sarera gerturatzeko beharraz ere hitz egin da tailerretan. Alde batetik kontsumo taldeetan aurkitzen ditugun ahulezia eta gaitasunak partekatzeko, eta bestetik sortu dugun ekoizpen eredu parte hartzailea Gipuzkoa mailan josi eta Sare bezala eragina izateko.
Hainbat gai eztabaidagarri mahai gainean jartzeko balio izan du prozesu honek, taldekide guztien iritziak ezagutu edo taldea ulertzeko modu desberdinak argitzeko. Askotan kosta egiten da zenbait gai polemikoren inguruan hausnartzea, saskien prezioak zehaztea, taldekideen inplikazioa adostea edo hartutako konpromisoa definitzea, hala ere talde mailan aurrera egiteko ezinbestekoa ikusten dugu horrelako tresnen bidez espazio eraikitzaileak sortzea.
Zailtasunei aurre egiten
Egia da taldeak dibertsitate baten isla direla eta honek zaildu egiten du modu kolektiboan aurrera egiteko saiakera, aldi berean dibertsitate hau taldeen aspektu interesgarrienetako bat dela deritzogu eta bakoitzaren ekarpen pertsonala taldeari identitatea ematen dion giltza. Saihestezina da taldeko partaide bakoitzaren inplikazio maila desberdina izatea, taldean ezartzen ditugun interes eta espektatibak modu askotarikoak baitira, horregatik da hain garrantzitsua guztion artean antolatu eta pieza desberdinetako puzzlea modu kolektiboan osatzen joatea.
Burututako tailer hauek eragin dituzte aldaketak taldeetan, hausnarketarako espazioak irekitzean jendearen inplikazioa areagotu baita, parte hartzea erraztu eta taldeak egonkortu dira.
Etiketak: agroekologia , kontsumotaldea , indartu , hausnarketa , topaketa , ekoizle , azkoitia , aretxabaleta , marije , basherrisarea