LA XARXETA, Kataluniako nekazarien sarea
Inguruko beste esperientzia agroekologikoak_2014/Udazkena/Fanzine
La Xarxeta. Xarxa de Pagesos Agroecològics de Catalunya
Nor gara?
Nekazari agroekologikoen sare bat
Non gaude? Katalunian, kostaldean barreiaturik
Zertan dihardugu? Gure lanaren duintasuna aldarrikatzen dugu, beste bizitzeko modu bat bezala ulerturik. Nekazal munduan eredu sozial, inguruneko eta ekonomiko berri bat sortu nahian gabiltza, justizia soziala, elkartasuna, jasangarritasuna eta lankidetza oinarritzat harturik.
Agroekologia transformazio soziala, kulturala eta ekonomikoa bultzatuz gauzatzen dugu, baita teknika agroekologikoetan oinarrituriko nekazaritza praktikatuz ere. Horretarako Sarekideen esperientzia desberdinak ezagutu eta aztertzeko bisitak antolatzen ditugu, gure baratzak planifikatzen ditugu eta produktuen hartu-emana burutu, nekazarion ezagutzen inguruko elkartrukea ere ezinbestekoa da Sarearentzat. Bestetik gainontzeko nekazari edo kooperatibei bisitak egiten dizkiegu eta modu kolektiboan produktuak erosten dizkiegu, baita haziak, ongarriak, fitosanitarioak edo beste hainbat input ere.
Hau guztia nekazari eta herritarren arteko harreman zuzena bideratuz lortzen dugu, konfiantzan eta konpromisoan oinarritutako harremana, guztiontzat prezio duinak ziurtatzen dituena. Produktu ekologikoen ekoizpen eta kontsumoa denboran mantendu ahal izateko esperientzia desberdinen jasangarritasuna bermatzen dugu. Gure produktuak merkaturatzeko bide motzak sustatzen ditugu, ekoizpen lokala bultzatuz eta merkaturatzeko bitartekari gabeko bideak aurkituz (azokak, etxeetan banatuz, kontsumo kooperatibetan, etab.).
Xarxetak lekuko errealitateari eta lurrari lotutako baserritarrak biltzen gaitu eta horregatik garatu dugu gure bermea ziurtatzeko sistema parte hartzailea (Sistema Participativo de Garantías, SPG), bereizitako sektore baten sinesgarritasuna eta konfiantza bermatzeko. Bertan Sarea osatzen duten proiektuen irizpide tekniko, ekologiko eta sozialak definitu ditugu, prozesu demokratiko baten bitartez helburu kolektiboak ezarriz. Egiaztatze sistema alternatibo izanik osagarria da hirugarren baten partetik jartzen diren ziurtagiriekiko, ENEEKek jartzen duen zigilua kasu.
Ziurtagiria ezartzeko prozesu hau lekuko errealitate sozialari lotuta dago, ziurtagiria ekoizleari ezartzen diogu, lursailak maneiatzeko eta ustiatzeko duen moduari, eta ez lantzen dituen produktuei. Ekoizleok gure lan egiteko modua erabakitzeko askatasun handiagoa dugu horrela. Modu honetan ekoizlearen jarrera koherentea bermatzen dugu, baserritarrak nekazaritza ekologikoa ulertzeko duen modua balioztatuz. Iniziatiba honetan ekoizpen ekologikoa ikasketa prozesu bat bezala ulertzen dugu eta horregatik ebaluatzen dugu sistema bere osotasunean.
Sareak modu agroekologikoan funtzionatzen duela bermatzeko kontrol soziala ahalbidetzen da, erabakitzeko gaitasuna ekoizpen, kontsumo eta produktuen zirkulazioan inplikaturiko partaide guztiek dutelarik. Ekoizleei bisitak egiten zaizkie ezarritako arauak betetzen direla ziurtatzeko, lursail eta nekazal maneiuen ebaluazio hau hausnarketa eta elkarrizketa bidez burutzen da, eta batik bat esperientzia eta ezagutzen elkartrukea gauzatzeko balio izaten du.
Gaur egun gero eta kontzientzia eta eskaera handiagoa dago nekazal produktu fidagarri, garbi eta kalitatezkoen inguruan, ez bakarrik kontsumitzaileen partetik, baita ekoizle txikien aldetik ere. Bermea ziurtatzeko sistema alternatibo honek lekuko ekoizle gehiago bultzatzen ditu nekazaritza ekologikora, modu honetan areagotu egiten da produktu ekologikoen barietate eta kantitatea merkatu lokalean eta beraz kontsumitzaileentzat ere eskuragarriagoak dira. Gainera produktu ekologikoen sinesgarritasuna bermatzeaz gain merkaturatze sistema lokal eta alternatiboekin erlazionaturik dago, beraz herritarrentzat produktuen prezioak merkatzen badira ere ekoizleek dituzten irabaziak kopuru handietan eginiko salmentekin alderatuz hobeagoak dira.
Herritarrek ziurtapen sistema honen beste hainbat onura ere ezagutzen dituzte, ekoizpen ekologikorako teknika desberdinen inguruko ezagutza, komunitate sentimendu sendoagoa, produktu ekologikoen kalitatearen aldeko konfiantza handiagoa edo bertako ekoizleei eskaintzen zaien sostengu sentimendua.
Etiketak: agroekologia , xarxeta , sarea , ekoizle , baserritarra , nekazaria , katalunia